ESP   |   EUS
 

" 25 urte baino gehiago arreta eta tratamendu psikologikoa eskaintzen Gipuzkoan "

 

Psikologia Klinikoan adituak

Helduentzako Psikologia Klinikoa

Nortasunaren nahasmendua
Nortasunaren nahasmendua, mugako nortasuna, asoziala, agresiboa, mendekotasuna

 

Nortasunaren nahasmenduak ez dira gaixotasunak zentzu hertsian, baizik eta pertsonen izateko moduaren alterazioak. Nortasunaren nahasmenduak epe luzeko pentsatzeko eta jokatzeko ereduak dira, eta arazo larriak eragiten dituzte harremanetan eta lanean. Izateko moduaren alterazio horiek gatazkak sortu ohi dituzte besteekin. Ez da pertsonari bat-batean etortzen zaion gaixotasun bat, ondoeza eragin eta gero desagertu egiten dena, aldiz, pertsona bera eta haren nortasuna da nahasita dagoena.

Mugako nortasunaren nahasmenduaren ezaugarri nagusia ezegonkortasun emozionala da, baita norberaren irudiaren hondatzea eta beste pertsonekiko harremanen alterazioa ere. Nortasunaren nahasmendua duten pertsonek zailtasunak dituzte estresa eta eguneroko arazoak kudeatzeko. Harreman oso zailak izaten dituzte beste pertsonekin. Ez dakigu zehazki zerk eragiten dituen nortasunaren nahasmenduak. Nolanahi ere, genek eta haurtzaroko esperientziek zeresan handia izan dezakete. Haurtzaroan/nerabezaroan hasten dira faktore genetikoen eta ingurumen faktoreen konbinazioagatik, eta bizitza osorako irauten dute. Sintomak oso desberdinak izan daitezke paziente batetik bestera, nortasunaren nahasmendu espezifikoaren arabera.

Ez da erraza izaten normaltasuna non amaitzen den eta nahasmendua non hasten den jakitea, muturreko kasuak erraz diagnostikatzen baitira, baina ez ordea tartean direnak. Nortasunaren hiru nahasmendu mota sailka daitezke: A (pertsona arraro eta eszentrikoak), B (pertsona teatral, apetatsu eta aldakorrak) eta C (pertsona grinatsuak eta beldurtiak).

- A taldea paziente arraro eta eszentrikoei dagokie, eta hiru nahasmendu biltzen ditu: paranoidea, eskizoidea eta eskizotipikoa.

- B taldean paziente teatral, emotibo eta aldakorrak daude, eta lau nahasmendu biltzen ditu: antisoziala, muturreko edo borderline izenekoa, histrionikoa eta nartzisista.

- C taldean paziente grinatsu eta beldurtiak daude, eta hiru nahasmendu mota biltzen ditu: saihespenezkoak, mendetasunezkoak eta obsesibo-konpultsiboa.

Nahasmendu horiez gain beste batzuk ere deskribatu dira; esaterako, nortasun depresiboa, sadikoa eta pasibo-agresiboa.

Tratamendu psikologikoa

Nortasunaren nahasmenduaren tratamendua ez da erraza, eta nortasun motaren araberakoa da. Funtsean, psikoterapian oinarritzen da, eta tarteka psikofarmakoak ere erabiltzen ditu.

Nortasunaren zenbait nahasmenduren diagnostikoa hasierako saioetan jasotako historian oinarritu badaiteke ere, gerta liteke beste paziente batzuekin adierazle diagnostikoak tratamendua hasi ondoren azaltzea.

Beck-en ikuspegi kognitiboan, nortasunaren nahasmendua duten pertsonek zailtasun handiak izaten dituzte sinesmen eta eskema kognitibo desegoki eta disfuntzionalak identifikatzeko, bai beraientzat, bai gainerakoentzat. Terapia kognitibo-konduktualak sinesmen horiek identifikatzen laguntzen die nortasunaren nahasmendua duten pertsonei, ondoren haiek aldatu eta errealitateari hobeto egokitzeko aukera izan dezaten.

Oro har, esku hartze kognitibo-konduktualak bezeroen arazoen kontzeptualizazio indibidualizatuetan oinarritzen direnean, eta terapiako alderdi interpertsonalek behar adinako arreta jasotzen dutenean, nortasunaren nahasmendua duten paziente asko eraginkortasunez tratatu ahal izaten dira.

Nortasunaren nahasmendua helduen psikologoa Donostian