ESP   |   EUS
 

" 25 urte baino gehiago arreta eta tratamendu psikologikoa eskaintzen Gipuzkoan "

 

Psikologia Klinikoan adituak

Helduentzako Psikologia Klinikoa

ANTSIETATE NAHASMENDUAK
Antsietate krisiak, izu atakeak, antsietate orokortua, estresa, fobia, obsesioa

 

Antsietate nahasmenduaren sintoma nagusia larritasuna (edo antsietatea) da. Hala ere, nahasmendu psikiko gehienek dakarte berekin patologia hori. Oro har, antsietatea sintoma psikiko eta somatikoen bidez azaleratzen da.

Antsietatea, adibidez, gizakiek bizitako mehatxu egoeretan agertzen da (mehatxu fisikoa ala psikikoa), eta modu jarraituan ager daiteke (antsietate orokortua), edo krisi moduan (antsietate krisia). Antsietatea egokitzapen mekanismo bat da, prestatu eta babestu egiten gaitu arrisku handiko egoeren aurrean, baina ustekabeko egoeretan gainditu egin gaitzake, eta sintoma desatseginak ekarri: zorabioa, palpitazioak, itolarria, izerdia, hiltzeko beldurra, irrealitate sentimenduak, eta abar. Antsietate nahasmendu horiei antsietate krisi deitzen diegu (edo larritasun krisi). Beste batzuetan, antsietatea fobien edo nahasmendu obsesibo-konpultsibo edo NOK izenekoaren bidez azaleratzen da.

Hainbat sintoma, esaterako muturreko nekea, afektibitatearekiko sentiberatasunik eza, insomnioa, eta abar, gero eta gehiago ikusten dira gure gizartean. Sentsazio horiek ohartarazpen bat dira, aditzera eman nahi digute hondoa jotzen ari garela, proban jartzen dute gauzei aurre egiteko gure gaitasuna. Normalean, laneko eta familiako arazoak, bizipen traumatikoak edo horiek gainditzeko trebeziarik ez izatea dira arazoaren zuzeneko eragileak.

Antsietate Nahasmenduak gainditzeko badago tratamendu eraginkor eta ziurtatu bat: Terapia Kognitibo Konduktuala. Kognizioaren alderdiak beldurrei ateak irekitzen dizkieten pentsamendu ereduak aldatzen laguntzen die pertsonei, eta jokabidearen alderdiak edo alderdi konduktualak, antsietatea eragiten duten egoeren aurrean izandako erreakzioak aldatzen.

Antsietate krisia. Izu atakeak

Antsietate krisiak edo izu atakeak larrialdi fase akutuak dira; egunez edo gauez gerta daitezke, eta bat-batean sortzen den izu moduan ageri dira, alboko hainbat sintomarekin: bihotz taupada gogorrak, izerdia, ahulezia, zorabioak edo flakia.

Atake horietan zehar, izu nahasmenduak dituzten pertsonek beroa edo hotza senti dezakete, baita inurridura ere eskuetan, edo eskuak lokartuta nabaritu. Bestalde, goragalea, bularraldeko mina edo itolarri sentsazioa ere izan dezakete. Izu atakeek irrealitate sentsazioa sortu ohi dute, berehalako zorigaitz baten beldurra, edo kontrola galtzeko beldurra.

Oso maiz pazienteek zehaztasun osoz gogoratzen dute izandako lehenengo antsietate krisia, zeina bere kabuz ager daitekeen, edozer unetan, eta edozer jarduera kaltegabe egiten ari direla (adibidez, gidatu), edo lo daudela. Hala ere, beste hainbat egoeratan ere ager daiteke. Atake baten unerik gogorrenak lehenengo 10 minutuak izaten dira, baina sintometako batzuek askoz ere gehiago iraun dezakete.

Izu nahasmendua ohikoagoa da emakumeengan gizonengan baino, eta normalean nerabezaroaren amaieran edo helduaroaren hasieran hasten da. Antza denez, hereditarioa da. Dena dela, izu atake bat edukitzeak ez du esan nahi halakoak dituzten pertsona guztiek garatuko dutenik izu nahasmendua; izan ere, pertsona askok atake bakar bat izaten dute bizitzan, eta ez da inoiz gehiago errepikatzen.

Izu atake errepikakor eta intentsitate handikoak izaten dituzten pertsonak ezgaitasun bat izatera irits daitezke gaixotasun hori dela eta. Larritasun krisi bat bizitzeak eragin handia du pertsonarengan, hilzorian den sentsazioa baitu. Horregatik, ez da arraroa horrek arrastoak uztea eta etorkizunean krisi gehiago izateko beldurrez geratzea. Kasu horietan, aitzinamendu eta aurreratze antsietate izenez ezagutzen dena agertzen da. Halakoetan, pertsona etengabe egongo da egoerak kontrolatzen, krisi berri bat agertuko den beldurrez. Hortaz, arriskua aurreratzen du, eta horrek, noski, antsietate gehiago sorrarazten dio. Era berean, lehenago edo geroago, pazientearen izaeraren eta krisi kopuruaren eta larritasunaren arabera, saihespen jokabide izenez ezagutzen dena garatuko du; hau da, pazienteak larritasun krisiaren agerpenarekin lotzen dituen leku, egoera arrunt edo jokabideak saihesteko moduak. Hala, tratamendua bilatu behar du horiek fobia bilakatu aurretik.

Izu nahasmendua, tratatzeko errazagoa den beste antsietate nahasmendu bat da. Gehienetan ondo erantzuten die psikoterapia kognitibo mota jakin batzuei, eta horrek asko laguntzen du beldurra eta antsietatea eragiten duten zenbait pentsatzeko molde aldatzen. Sarri, izu nahasmendua beste arazo larri batzuekin batera etortzen da: depresioa, droga abusua, alkoholismoa. Gaixotasun horiek bereiz tratatu behar dira.

Antsietate Nahasmendu Orokortua

Antsietate nahasmendu orokortua duten pertsonak kezkatuta egoten dira egun osoan zehar, eta gehiegizko tentsioa bizi dute, hala sentitzeko arrazoirik ez dutenean ere. Pertsona horiek hondamendi bat gertatuko delakoan egoten dira beti, osasun, diru, familiako arazo edo laneko arazoengatik kezkatuegi. Batzuetan, eguna nola pasako duten pentsatze hutsak antsietatea eragiten die.

Antsietate nahasmendu orokortua diagnostikatzen da pertsona bat eguneroko bizitzako hainbat arazori buruz denbora luzez gehiegi kezkatzen denean (hainbat hilabetez). Antsietate orokortua duten pertsonak ezin dira erlaxatu, erraz beldurtzen dira, eta zailtasunak dituzte kontzentratzeko. Sarri, lo egiteko edo lo egiten jarraitzeko arazoak izaten dituzte. Antsietate horrek hainbat sintoma fisiko izan ohi ditu lotuta: nekea, buruko minak, tentsio muskularra, muskuluetako mina, irensteko zailtasuna, dardarak, nerbio tikak, suminkortasuna, izerditzea, goragalea, zorabioak, komunera sarri joateko beharra, airea falta zaion sentsazioa, bat-bateko beroaldiak, eta amesgaiztoak.

Psikoterapia saihestezina izaten da antsietate orokortuak atzean duen gatazka aurkitu eta tratatzeko.

Trastornos de ansiedad