Helduentzako Psikologia Klinikoa
NAHASMENDU BIPOLARRA
Depresioa, tristura, euforia, hiperaktibitatea, mania, hipomania
Nahasmendu bipolarra gaixotasun mental larria da. Gaixotasun hori duten pertsonek ezohiko muturreko aldarte aldaketak izaten dituzte. Normalean, eszitazio eta hiperaktibitate aldiak izaten dituzte (nahasmendu bipolarraren fase maniakoa). Aldi horietan gaixotasuna duten pertsonak oso aktibo eta zoriontsu izaten dira, baina tarteka depresio faseak izaten dituzte, non oso triste eta etsita bizi diren (nahasmendu bipolarraren depresio fasea). Aldartea ez da etengabe nahastuta egoten, gaixoak zikloak izaten ditu. Oso maiz gogo aldarte arrunta izaten du ziklo baten eta bestearen artean.
Nahasmendu bipolarra nerabezaroaren azken urteetan hasten da, edo helduaroaren hasieran, baina haurrek eta helduek ere jasan dezakete. Gaixotasuna, normalean, bizitza guztirako izaten da. Nahasmenduaren arrazoiak ez daude guztiz argi. Gerta liteke genetikoak izatea, familian joera bat egotea, edo garunaren funtzioen ohiz kanpoko egitura bat izan daiteke.
Ez bada tratatzen, nahasmendu bipolarrak kalte handia egin diezaieke harreman pertsonalei, baita errendimendu kaskarra eragin ere eskolan edo lanean. Batzuetan suizidiora ere eraman dezake. Nolanahi ere, zientziak iradoki du tratamendu eraginkorrenak ikuspegi integrala erabiltzen dutenak direla, hau da, psikiatra batek agindutako psikofarmakoak eta terapia psikologikoa konbinatzen dituztenak.
Tratamendu psikologikoa
Nahasmendu bipolarrak eragin handia du funtzionamendu psikologikoan, eta terapia psikologikoak hobetu egiten du umorearen egonkortasuna, eta birgaixotzeetatik eta nahasmendu horren ezaugarriak berriz errepikatzetik babesten du. Gainera, ospitaleratze kopurua murriztu eta gaitasun funtzionala hobetzen du. Horretaz gain, adierazi beharra dago familiak ere ateratzen diela onura terapia psikosozialaren emaitzei. Baina ez dugu ahaztu behar jatorri mediko/biologikoko gaixotasun kroniko bat dela. Horregatik, ezingo dugu inoiz utzi mediku psikiatra batek emandako medikazioa. Dena dela, egungo ikerketek oso argi utzi dute terapia kognitibo-konduktualak emandako tresnen erabilgarritasuna.
Terapia kognitibo-konduktualak ideia eta portaera desegoki edo negatiboen ereduak aldatzen ikasten laguntzen die nahasmendu bipolarra duten pazienteei. Hortaz, gaixotasuna duen pertsonaren bizi kalitatea hobetzea da helburua. Terapia hori nahasmendu bipolarrari aplikatuta, krisien maiztasuna, intentsitatea eta iraupena murriztuko dugu, eta aldi berean, handitu egingo ditugu krisien arteko aldiak edo isileko aldiak. Pazienteak krisi bat datorrela adierazten dioten zantzuak ezagutzen ikasiko du, tratamenduarekiko atxikimendua hobetuko du, erritmo zirkadianoak eta errutinak egonkortuko ditu, eta estresa hobeto kudeatuko du.
Bestalde, psikoheziketaren helburua pertsona bipolarrei eta haien familiei gaixotasunaren berri ematea da. Horretaz gain, berrerortzeen ezaugarriak nola antzeman irakatsiko die, esku hartze goiztiarrera jo dezaten mania edo depresio gertakari larri bat saihestu ahal izateko.
