ESP   |   EUS
 

" 25 urte baino gehiago arreta eta tratamendu psikologikoa eskaintzen Gipuzkoan "

 

Psikologia Klinikoan adituak

Helduentzako Psikologia Klinikoa

Bulkaden kontrolaren nahasmendua
Amorru atakeak, nahasmendu leherkorrak, kleptomania, piromania, joko patologikoa

 

Bulkaden kontrolaren nahasmenduaren ezaugarri nagusia da hura dutenek zailtasunak dituztela berentzat edo beste pertsona batzuentzat kaltegarria den ekintza bat egiteko beharrari eusteko. Normalean, pertsonak tentsio sentsazioa eta egonezina izaten du, eta bulkadazko ekintza egin ostean lasaitzen da, gauzatzen ari den bitartean atsegingarria egiten zaiolarik. Ekintzaren ostean damutu egin daitezke, ala ez.

Aldizkako nahasmendu leherkorra eta amorru atakeak

Aldizkako nahasmendu leherkorra bulkada agresiboekiko kontrola galtzen den faseak dira. Ondorioz, indarkeriazko ekintzak, ekintza larriak edo jabetzaren suntsiketak gauzatzen ditu pertsonak. Erakutsitako agresibitatea ez da inola ere hura eragin duen arrazoiarekiko proportzionala.

Dena dela, une jakin batean triste egoteak depresioa dugula esan nahi ez duen bezala, tarteka haserretzeak edo ahotsa altxatzeak ez du esan nahi biolentoak garenik. Eguneroko bizitzako amorru atake ohikoenak, hau da, garrasiak, kolpeak edo erasoak, eguneroko bizitzak ezartzen digun erritmoak eragindakoak izaten dira, baita geure erronkek, anbizioak, nahi duguna lortzeko ezintasunak eta, nola ez, nortasun jakin bat izateak ere.

Amorru hori azaleratzeak bizikidetza nahasten du, baita harreman pertsonalak eta lanekoak ere. Amorru eutsiak gaixotasun psikosomatikoa eragiten dio hari eusten dion pertsonari. Ezinbestekoa da, tratamendu kognitibo-konduktual baten bidez, bizitzako gertakariei buruzko okerreko ideiak interpretatzen jakitea, eta modu arrazional, lasai eta tolerantean konpontzea.

Kleptomania

Kleptomania behin eta berriz behar ez ditugun edo balioagatik hartzen ez ditugun objektuak lapurtzeko bulkadari eutsi ezin zaionean gertatzen da. Gerta liteke ondoren objektu horiek bertan behera uztea, oparitzea, ezkutatzea edo, besterik gabe, ahaztea. Normalean, pertsonak nahikoa diru izaten du lapurtzen duena erosteko, baina premia sentitzen du eta lapurtzean bizi duen tentsioak nolabaiteko poztasuna edo lasaitasuna ematen dio.

Joko patologikoa

Joko patologikoa jokatzeko premiari eusteko ezintasun kroniko eta progresiboa da. Ondorioz sortzen den joko portaerak arriskuan jartzen ditu norberaren interesak, familiarenak edo bokaziozkoak, haiek kaltetzera iristeraino. Jokoaren eraginez agertzen diren arazoek areagotu egiten dute jokatzen jarraitzeko portaera. Patologia honen ezaugarri nagusia da zor handiak agertzen direla eta pertsonak ez duela izaten haiek ordaintzeko gaitasunik; horrek beste erantzukizun finantzario batzuk agerrarazten ditu eta, pixkanaka, familiako harremanak, lana, eta abar hondatzen ditu.

Piromania

Suteak sortzeko joera patologikoa da. Sintoma nagusia behin eta berriz suteak nahita eragitea da, horrek tentsio handia eta aktibazio afektiboa ekartzen du sutearen aurretik; eta sua pizterakoan, ikusterakoan edo haren ondorioetan parte hartzerakoan, aldiz, askapena eta plazer edo lasaitasun handia. Gainera, pertsonak interesa, jakin-mina eta erakarpena sentitzen du horrekin loturiko guztiagatik.

Lotutako beste patologia batzuk

Adierazitakoez gain, patologia horren barruan bil daitezke: trikotilomania (norberaren ilea errotik ateratzeko bulkada), erosketa konpultsiboak (erosketa espontaneoa, aurretik pentsatu gabekoa), pilatzaile konpultsiboaren sindromea (gauza edo objektu gehiegi metatzeko joera), edo onikofagia (azazkalak jateko, mozteko edo koskatzeko ohitura).

Amorru atakeak Donostia Gipuzkoa